domingo, 22 de noviembre de 2009

Amaigabeko trafikoa

Egun etengabeko auto ilarak gure herri eta hiriak menpean hartzen ditu. Ingurumenari kalte egiteko gizarteak duen tresna arriskutsuena da gaur. Eteten ez bada izakien amaiera ekarriko duena izango dela pentsatzen dut.
Azken urte hauetan, industriek energia- kontsumo maila eta hondakinen isuria asko gutxitu dute. Ez ekologistak direlako, dirua aurrezten dutelako baizik. Baina arrazoia bata edo bestea izanda, asko ahalegindu dira. Familien kontsumoak berriz, pixka bat hasi dela esan du gobernuak eta trafikoarenak izugarri egin duela gora.

Denok dakigu autoa erabiltzea beste ezer baino erosoagoa dela, eta denok beharrezko denean erabiltzen dugula esan arren ez da egia. Badakit garraio publiko erabiltzea nekagarria, deserosoa eta fidagarria ez dela baina gure esku dago.
Planetari arnasten laguntzeko pauso handi bat izango litzateke gure kotxeen emisioa nabarmenki jaitsiko balitz. Behar bada, gure bizia luzatuko genuke. Gainera egunero egunero errepideetan gertatzen diren hainbat istripu saihestuko genituzke. Haurren txirrindularien, oinezkoen, zaldizkoen... bizia salbatuko genuke arriskua gutxitzean. Gizartearen eguneroko ongizatean ere eragin handia izango luke seguru asko, konturatu gabe hirietako autoen zarata eta mugimenduek estresatu, agobiatu eta nekarazi egiten gaituztela baitiote osasunean adituek.

Beraz lanera, ikastetxera, bidaietan, txangoetan etab. garraio publikoa hartuz gero, benetan ondo jokatzen egongo ginateke. Badakit ekologistak, hauek ere beraien kexak autoz adierazten dituztenak, gero eta hitzaldi gehiago ematen dituztela gauza hauen inguruan eta denok dakigula gure planetaren egoera. Baina utzi ezazu alde batera teoria eta entzundako txapa guztiak eta pentsatu zure hurrengoengan. Zure semeek, ilobek arnasteko ere gorriak pasatzea nahi ahal duzu?

No hay comentarios: