domingo, 9 de mayo de 2010

Bitoriano Gandiaga

BIZITZA:
Bitoriano Gandiaga Artetxe Mendatan jaio zen, Orbelaun baserrian, 1928ko urriaren 8an. Hamairu urte zituela Arantzazura joan zen fraidetarako eta apaiz-ikasketak egitera. Arantzazun eta Foruan ikasi zituen Humanitateak. Zarautzen zuen zuen nobizio-urtea (1947-1948). Erriberrin egin zituen Filosofiako ikasketak (1948-1951) eta Arantzazun Teologiakoak (1951-1955). Apaiztu ondoren, Arantzazun eman zuen bere bizitza osoa, fraide-gaien irakasle, idazle eta apaiz-lanetan. 1955-1990 urteetan seminarioko irakasle izan zen: mutikoei euskara eta esku-lanak irakatsiz, besteak beste. 2001eko urtarrilaren 21ean hil zen Arantzazun.

LANAK:
1950eko hamarkadan Arantzazu, Egan, Euzko-Gogoa eta Olerti aldizkarietan poemak argitaratzen hasi zen. Apaiztu zen urtean bertan Zarautzen egin zen olerki-lehiaketa batean lehen saria irabazi zuen Begion lore poemarekin. 1956an Arantzazun egin zen beste lehiaketa batean, Elorriko lorak poemarekin, ostera ere lehen saria irabazi zuen. Aspalditik lantzen ari zen zerbait zen hau eta geroago, 1962an argitara eman zuen Elorri poema-liburuaren aurrekari bat.
Elorria, arantza zorrotzak eta lore zuriak izaten dituen zuhaixka, bizitzaren metafora gisa hartzen du Gandiagak, bizitzak ere nahigabe mingarrien artean tarteka pozaldiak izaten dituelako. Bizitza eramangarri egiteko euskarria Gandiagarentzat
fedea da eta Elorri poema gogoeta horiek poema eginda; lirismoz betetako poema erlijiosoa, Arantzazuko naturan girotua.

Lan hau argitara eman zen garaian euskal literaturaren joera beste bat zen, giro politikoari erantzun nahian arazo sozialei begira zebiltzan idazle gazteak. Gandiaga ere kezkatzen dute arazo horiek eta poetarengan eboluzio bat eragiten dute. Bestalde Arantzazu estetika berriaren tenplu bihurtu zen urte haietan, basilika berria egiten ari ziren artista guztiak han dabiltza. Gandiaga ez da, ordea, moda literarioen arabera jokatuko duen axaleko poeta, bere barruan gaiak egosten luzaro aritzen dena baizik. Horregatik beste dozena bat urte igaroko da bigarren poema-liburua argitaratu arte. Idatzi idazten zuen Bitorianok, baina askotan paper-saskira botatzen zituen gogobetetzen ez zuten lantxoak.
1968an Oteiza eskultorea berriz Arantzazura joan zenean bere apostoluak bukatzera, solaskide aparta aurkitzen du Bitorianok luzaro bere baitan lanean jardun ostean.
Euskal Herriaren egoerak kezkatzen du eta zerbait egin beharra sentitzen. Kezka horien isla da Hiru gizon bakarka (1974) poema-liburua. Hurrengo obra Uda batez Madrilen izan zuen. Honetan hiri handiak, zalapartaka bizi den gizarteak, jendetzaren barnean pertsonak duen anonimotasunak, publizitateak, eraikin erraldoiek gizakia deuseztatzen eta gizatasunik gabe uzten duten indarren aurrean egiten duen gogoeta da. Kontraste galanta bere bizitza osoa Arantzazun eman duen fraide sentikorrarentzat.
Laugarren poema-liburua 1985ean argitaratu zuen Denbora galdu alde izenburuarekin. Arazo pertsonalen inguruan egindako lana da. Krisi psikologikoa nola nozitzen duen, zertan datzan agertzen du. Perfekzionistegia izatearen ondorioa du malenkonia. Sendagileak beti lanean jardun beharrean denbora galtzen ikasi behar duela esaten dio. Hala ere, idatzi egiten du, hori bai, obligazio gisa hartu gabe, genero jakin bat errespetatu gabe, prosa, poesia eta bertsoa nahasiz.
Hurrengo lana Gabon dut anuntzio (1986) izan zen. Urtetan zehar egindako gabon-kantak dira. Beti bezala gaiari hainbat ñabardura aurkitzeko gai da Gandiaga. Ikuspegi askotatik agertzen du: haurtzaroko oroitzapenak, gertakizun erlijiosoaren mezuak, pobreekiko kezka, kontsumismoarekiko higuina.
2001ean hil zen Bitoriano Gandiaga.

No hay comentarios: